Ongi etorri herritarren partaidetzako guneen Kolaboratoriora.
Toki hau bilgune bat da, hiriko herritarren partaidetzako guneendako etorkizuneko proposamen bat elkarrekin eraiki eta horri buruz hausnartu nahi duten Iruñeko lagun, teknikari, eragile eta gizarte-entitateak elkartzekoa.
Interesa duen edozein lagun edo elkarteri irekita dagoen gunea da. Zure kasua bada, atseginez kontatuko dugu zurekin!
Zer dira herritarren partaidetzako guneak?
Herritarren partaidetza errazten duten mekanismoak dira, Udalaren politika, plan, programa eta proiektuen definizio, garapen edota ebaluazioa zehazte aldera.
- Partaidetza-organoak
- Prozesu partizipatiboak
- Herri-galdeketak
- Herritarren ekimenak
Partaidetza-organoak Udalak sustatzen dituen partaidetzako gune iraunkorrak dira. Iruñean baditugu: kontseiluak, auzo-eztabaidaguneak, mahaiak… normalean politika sektorialen baten garapenari lotuta daude. Adibidez: emakumearen kontseilua, mugikortasunaren foroa edo hondakinen mahaia.
Prozesu partizipatiboek denbora-tarte mugatua dute: hasiera eta amaiera dute. Udalak bultzatzen ditu prozesu horiek, inplikatutako lagun eta eragileek hausnartu, taxutu eta proposamenak egin ditzaten gai eta helburu tekniko zehatz baten inguruan. Adibidez: plaza baten berriztapena, kultur programazio baten zehaztapen bateratua, eta abar.
Herri-galdeketak partaidetzako mekanismo irekiak dira, non Udalak herritarrei kontsultatu eta galdetzen baitie gai jakin baten inguruan, haien iritzia jakite aldera. Normalean, biztanle-errolda bati lotuta daude, eta berariazko galdera bat dute.
Herritarren ekimenak herritarrek bultzatu eta gidatzen dituzten mekanismoak dira, xede hartuta Udalak gai jakin hori landu dezala. Herritarren ekimenak aurkeztu aurretik sinadura-bilketa egiten da, agerian uzteko herritarrek gai jakin baten inguruan duten interesa eta indarra.
Hori horrela, zeintzuk dira KoLaboratorioaren helburuak?
Maila teknikoan, KoLaboratorio honen helburu nagusia da modu kolektiboan hausnartzea eta aberastea herritarren partaidetzako gune horien egungo ezaugarriak eta funtzionamendua, Iruñearendako interesgarria izanen den etorkizunera begirako proposamen bat eraikitze aldera.
Harremanen mailan, gune atsegin bat sortu nahi dugu, non parte-hartzaileak eroso egonen baitira, hortik aurrera solasaldi eta hausnarketa esanguratsuak sortze aldera.
Nola egingo dugu lan KoLaboratorioan?
3 saioetan zehar eraikuntza kolektiboko lan-prozesu bat osatuko dugu parte-hartzaileen artean.
Hasteko, aztertuko dugu zein den Iruñeko partaidetzako guneen egungo argazkia, eta hortik abiatuta, zehaztuko dugu etorkizunerako nahi dugun eszenatoki bat, zeinak erraztuko baitigu horretara iristeko erronka eta lan-ildo nagusiak marraztea.
Prozesu honetan, egiteko moduak erabakiorrak izanen dira. Hainbat tresna eta dinamikarekin esperimentatu nahi dugu, oinarri hartuta sormena, lan espaziala, U teoria… horrela parte-hartzaile guztiek ikasi, gozatu eta ekarpenak egin ditzaten.
+ Info: www.KoLaboratorios.eus
Zorione eta Iciar, Prometea lantaldeko kideok prozesu hau diseinatu eta lan kolektiboa erraztuko dugu. Gure aldetik, behar diren osagai guztiak jarriko ditugu elkarrekin eginen dugun bide honekin gozatu eta emaitza kolektibo ona lortzeko.
Leave A Comment