Hurrengo hilabeteotan, bost KoLaboriotan antolatutako 100 lagun baino gehiagok proposamen eta tresna zehatzak sortuko dituzte partaidetzak gure hirian duen eragina hobetzeko, adimen kolektiboa pizteko, eta gizartearen zein herritarren konpromisoa indartzeko.

Herritarrek gardentasun eta parte-hartze handiagoa eskatu diete administrazio publikoei, hala udal-kudeaketaren garapenean nola erabakiak hartzerakoan. Politika publikoen egungo erronka da hiri-demokraziarako estrategiak sortzea, honako gai hauek oinarri hartuta:

  • Gobernantza lurraldera atxikitzea.
  • Politika publikoak elkarrekin ekoiztea.
  • Kudeaketa herritarrei zabaltzea.
  • Komunitate-ekintza bultzatzea.
  • Gizarte-berrikuntza babestea.

Gure hiri eta auzoen errealitate konplexuaren gainean jarduteak berekin dakar onartzea errealitate horretan interdependenteak diren aktore ugarik parte hartzen dutela eta aintzat hartzea haien arteko harremanak ulertu eta onartzeko modu berriak sustatzea beharrezkoa dela. Horretarako partaidetzarako eta elkarlanerako guneak eta prozesuak ezarri behar dira, bai eta instituzioak eta gizartea elkarren artean artikulatzekoak ere, xede hartuta lurraldeko baldintzak eraldatu eta hobetzea, dimentsio guztietan.

Erronka horietako batzuei heltzeko helburuarekin sortu dira KoLaboratorioak. Iruñeko Udaleko Herritarren Partaidetzako Foroak bultzatutako ekimena, hiri-ikasketa berrietarako guneak eta prozesuak irekitzeko nahiarekin.

KoLaboratorio bat Partaidetza sustatzeko Adimen Kolektiboko Laboratorio bat da. Topaketarako, ikasteko, sortzeko eta proposamenak zein alternatibak kolektiboki eraikitzeko gune bat, gobernu eta gobernantza modu irekiagoak garatzekoa, zeinak tartean sartu eta nahasiko baititu instituzioak, gizarte-ehuna eta herritar aktiboak.

KoLaboratorioak programa bost lan-ildotan egituratuta dago, zein bere eduki zehatzekin eta, aldi berean, elkarrekin lotuak.

Bost KoLaboratorioetako bakoitzean aurrez aurreko zenbait saio aurreikusi dira, sarrera librearekin (bat baino gehiagora joan daiteke); aurrez izena eman beharko da eta saioen gutxieneko jarraitutasuna bermatuko da. KoLaboratorioen emaitzek eta ondorioek gure hiria eraldatzen lagunduko diguten hainbat prozesu eta produkturi bide emango diete.

Interesa duten lagunek, herritar aktiboek eta hiriko gizarte-ehunekoek parte hartuko dute, Udaleko teknikariekin batera. Aditu batek koordinatu eta dinamizatu du KoLaboratorio bakoitza, talde bakoitzean ematen den eraikuntza kolektiboaren garapenean laguntze aldera.

  • Lankidetza Publiko-Soziala izeneko KoLaboratorioan landuko diren gaiak dira Udalaren espazioen lagapena, Udalaren diru-laguntzak eta hitzarmenak, herritarrek proiektuak, ekipamenduak zein Udal-zerbitzuak kudeatzea, etab. Hortik ateratako ondorioek balio izango dute Udalaren Herritarren Partaidetzako erregelamendu berria egiteko.
  • Herritarren Partaidetzako Guneei buruzko KoLaboratorioan aztertuko dira herritarren partaidetzarako udal organoak (kontseiluak, foroak eta behatokiak), prozesu partizipatiboak zein herritarren kontsultak eta ekimenak, besteak beste. Hortik ateratako ondorioak ere Udalaren Herritarren Partaidetzako Erregelamendu berriaren parte izango dira.
  • Komunikazioa eta Teknologia izeneko KoLaboratorioan jorratuko diren gaiak dira komunikazio publikoko formula eta tresna berriak, 2.0 demokrazia, eta talde-lanari aplikatutako teknologia.
  • Gizarte-ehunaren azterketari buruzko KoLaboratorioak Iruñeko eta auzoetako elkarteen eta gizarte-mugimenduen historia ikertu eta azpimarratuko du, gizarte-ehunaren egungo egoera aztertuko du, baita haren beharrak eta eskariak ere.
  • Ebaluazioa, gardentasuna, trazabilitatea eta kontuak emateari buruzko KoLaboratorioak Partaidetzako politika publikoen ebaluazioa eta gardentasuna ikertuko ditu. Herritarren Partaidetza Iruñean ebaluatzeko Gida Praktiko bat egiteko balioko dute ondorioek.

KoLaboratorio horien parte izatera gonbidatzen zaituztegu, elkarrekin pentsatzeko eta partaidetza demokratikoarekin zerikusia duten erronkei heltzen dieten proposamen berriak garatzeko: deliberazioa eta eztabaida, erabakiak hartzea, legeria, eraikuntza kolektiboa, ekoizpen bateratua, etab. Demokrazia partizipatibo baterantz aurrera egiten lagunduko diguten tresna berriak behar ditugu. Ideiak eta diseinuak sortu nahi ditugu, baina baita ere horiekin esperimentuak egin nahi ditugu herritarren laboratorio horietan.

Aukera horren parte izan nahi baduzu, eman izena otsailaren 6a baino lehen, formulario hau betez edo Herritarren Partaidetzako Alorrarekin harremanetan jarriz.

KoLaboratorietan ikusiko dugu elkar.