Txikitatik ikasten dugu ebaluazioa hitza lotzen gure ekintzak epaituak izan daitezen beldurrarekin. Eta ez zentzu positibo batean. Errezelo horrek eragina du bizitza publikoan, eta axolagabekeria bihurtzen da, instituzioetan egiten ditugun ekintzez bezainbatean. Zergatik ez irauli ideia hori eta aprobetxatu horren potentzialtasun guztia politika publikoen eta partizipatiboen kalitate demokratikoa areagotzeko?
Har dezagun ebaluazioa partaidetza-esperientziek gure inguruetan duten errendimendua aintzat hartzeko tresna gisa, gizarte-aldaketarako oinarrizko jo ditugun helburu batzuen arabera. Zeregin hori funtsezkotzat hartzen da, aintzat hartuta jardunbide horien sendotzea eta hedapena Udal esparruan. Eta Iruñeko Udalarekin ere badu zerikusia joera horrek.
Ildo horretan, erakundeen jardunaren inguruan dagoen gero eta txeragabetasun, urduritasun eta mesfidantza handiagoaren aurrean, erantzuna izan da herritarrak inplikatzea erabakiak hartzeko prozesuan. Hau da, demokraziaren ideian sakontzea gobernagarritasun-krisia gainditzeko. Eta, azterketa zein ikerketa teoriko eta praktikoek diotenez, erabakitze-egituren zabalpenak honako hauek dakartza berekin: eraginkortasuna eta efizientzia handitzea erabaki-hartzean, erakundeen legitimitate eta hurbiltasuna handitzea, kapital sozialaren indartzea eta desparekotasunak ahultzea. Bestela esanda, agoraren suspertzeaz hitz egin dezakegu. Edonola ere, nola ziurtatu ahalegin hau arrakastatsua izanen dela?
Horri dagokionez, ebaluazioa da giltzarria. Prozesu konplexua, zeinak, arian-arian, parte-hartzea landu eta ikertzen dugunon arreta bereganatu baitu. Prozesu bizia, etengabe eraikitzen ari dena, aldagai, adierazle, irizpide eta testuinguruaren arteko elkarrizketa jarraitu baten bitartez. Izan ere, zertan jartzen dugu arreta kalitate demokratikoko printzipioak ezartzeko gure partaidetzako guneetan? Nola ziurtatu proposatutako helburuak lortu ditugula metodo egokien bidez? Nola bermatu gure ekintzen inpaktuak ez dituela errepikatzen ordezkatze-mekanismo tradizionalen bazterketak? Galdera horiek guztiek –‑eta beste hainbatek‑– ebaluazioa giltzarritzat jotzen dute erakundeen jardunaren kontu-ematea sustatzeko.
Hainbeste galdera egoteak erakusten du ebaluatu hitzak duen konplexutasuna. Konplexutasun horri nahitaez heldu behar zaio eraikuntza kolektiboa aintzat hartuta, partaidetzako zein politika publiko, nola, zergatik eta zertarako neurtu nahi ditugun jakin eta horien inguruan oinarriak ezarri eta kontsentsuak sortzeko. Zer aukera zabaltzen dira? KoLaboratorioaren izenburuak berak dio: Gardentasuna, trazabilitatea eta kontuak ematea. Hitz horiek, beste era batera esaten dute herritarrek kontrolatzen dituztela erabakitze-katea, komunikazioa, barne hartzea eta konfiantza.
Zer bilatzen dugu? Nola egingo dugu?
Iruñeko Udalaren Demokrazia Partizipatiboaren Tokiko Behatokiak (DPTB) beharrezkotzat jo du tresna bat edukitzea udalerrian sustatzen diren partaidetzako esperientzien kalitatea neurtu ahal izateko. Partaidetzako guneen analisia eta jarraipena egitean eraginkortasuna eta efizientzia bermatuko dituen tresna bat, zeina zehazten baita Herritarren Partaidetzako Politika Publikoak ebaluatzeko Gida Praktiko bat sortzeko prozesuan (hemendik aurrera, Ebaluazio-Gida).
Horri dagokionez, “Ebaluazioa, gardentasuna, trazabilitatea eta kontuak ematea” KoLaboratorioak tresna hori sortzeko oinarriak ezarri beharko ditu, lau saiotan, non informazioa sortuko baita modu kolektibo eta eztabaidatuan. Honako hauek dira aurrez aurreko jardunaldiak –materialak banatuko dira–:
- 1. saioa (2018ko otsailaren 8a): Konfiantza eta lan esparru bateratu bat sortuz. Bi orduz, adostasuna bilatuko dugu ebaluazioaren kontzeptuaren inguruan eta zehaztu horrek duen lotura gardentasun, trazabilitate eta kontu-ematearen nozioekin. Halaber, pentsatuko dugu zer den ebaluazioa, horretarako partaidetzako esperientzia ezberdinetara hurbilduta, eta hori garatzeko irizpide orokorren inguruko hausnarketa eginen da.
- 2. saioa (2018ko martxoaren 1a) eta 3. saioa (2018ko apirilaren 12a): Neurketaren esperimentazio kolektiboa. Partaidetzako guneen gainean lan eginen dugu, eta hainbat adierazle sortuko ditugu, berariazko dimentsio sinboliko, substantibo eta operatiboen arabera.
- 4. saioa (maiatzak 10): sortutakoa biltzea. Aurrez aurreko azken saio honetan, jasotako informazio guztia bildu eta zenbait premisa bateratu aterako ditugu, horiek gerora Ebaluazio-Gidan lantzeko (beste gizarte-eragile eta teknikari batzuekin kontrastatu eta bukaerako testua idazteko).
Benetako abentura izanen da ebaluazioen alde. Lan horretan Aradia Kooperatiba arituko da, EHUko Parte Hartuz Ikerketa-taldearen laguntzarekin. Izan zaitez gure bidelaguna demokrazia partizipatiboa egiten ikasteko bidaia honetan.
KoLaboratorio honetan parte hartu nahi al duzu?
- Zentro. Kondestable Civivoxa. Kale Nagusia 2, 2. solairua. Iruña.
- Telefonoa: 948 420266
- Helbide elektronikoa: informacion.participacion@pamplona.es
Nor gara?
Twitter: @aguapel, @farticipando y @AradiaCoop
Delicia Aguado Peláez eta Patricia Martínez García gara, Aradia Kooperatibako bazkide fundatzaileak eta ikertzaile eta prestatzaileak politika publikoen, partaidetzaren, feminismoaren eta komunikabideen alorretan. Kazetaritzan eta Zientzia Politikoetan lizentziadunak, masterdunak Partaidetza eta Komunitate-garapenean eta doktoreak Ikus-entzunezko Komunikazioan eta Zientzia Politikoan, hurrenez hurren; Euskal Herriko Unibertsitatean aritu gara ikertzaile lanpostuan. Aradia (https://www.aradiacooperativa.org/) gizarte demokratikoago eta inklusiboagoak eraikitzeko dauden interes eta konpromisoen sarearen emaitza da.
Leave A Comment