HURBILKETA
Inguruko antzeko beste hiri batzuekin konparatuta, Iruñeak asoziazionismo-maila handia du. Hamaika elkarte txiki, non azpiegitura komun bat eta bateratutako bitartekoak aisialdirako eta gozatzeko toki bihurtzen baitira, edo lan egitekoak eta engaiatzekoak; horra hor iruindarrek partaidetzarako eta asoziazionismorako duten berezko joeraren adibiderik garbiena.
Litekeena da fenomeno horren adierazpen handi eta egiazkoenetako bat izatea Klubak eta Kirol eta Aisialdi Elkarteak –hasiera batean lotuta zeuden udarekin eta igerilekuak erabiltzearekin–, zeinak azken urteotako garai batzuetan, hiriko auzoak ere ordezkatu baitituzte, hein handi batean, eta, batzuetan, baita hainbat gizarte-sektore ere –kirol elkarte bakoitzaren imajinarioarekin identifikatzen zirenak–. Ez da erraza antzeko zerbait topatzea gure inguruko ezein hiritan.
Edonola ere, mota horretako zein tamaina txikiagoko ELKARTEEN –gastronomikoak, kulturalak, sanferminetakoak, kirolekoak edota aisialdikoak– partaidetzaz bezainbatean, oso esanguratsua da hala horien indarra nola izaera anitza. Hasiera batean, entitate horietako batzuk sortzeko oinarrian egon bazitekeen ere fundatzaileek bat egitea printzipio sozial, politiko edo erlijioso jakin batzuekin, elkarte gehienetan elkarrekin aritzen dira ideologia-adskripzio eta gizarte-maila ezberdineko herritarrak.
Jakin badakigu hiriko elkarte-sare trinkoa dagoela Iruñeko partaidetza-idiosinkrasiaren oinarrian; hala ere, elkarteek askotan herritar ororendako unean uneko jarduerak gauzatzen badituzte ere, gehienek barne kohesioa eta bazkideei zuzendutako jarduerak dituzte ardatz.
Deskribatu dugun sare horrekin lotutako beste elkarte-sare bat ere bada. Hain zuzen, elkarte- eta auzo-mugimenduarena, zeinaren jarduera herritar orori zuzenduta baitago, edo, behintzat, xede duena eragitea hala auzoan nola elkartea sortzea ekarri duen arazoan. Mota guztietako ELKARTEAK dira. Iruñeko elkarte-ehuna oso anitza izan da, eta bada. (Laster aurkeztuko da mapa eguneratua).
KoLaboratorio honetan Iruñeko auzoen gizarte-ekimenaren eta elkarte-mugimenduaren balioespena landuko da.
ZER EGINEN DUGU?
Xedea da gune bat sortzea, topagune bat, bertan sentsibilitate eta jarduketa-esparru ezberdineko elkarteek aukera izan dezaten haien iritziak azaldu, erkatu eta eztabaidatzeko, eta kezkak partekatzeko. Ekarpenek eta eztabaidek eragina izanen dute, besteak beste, honako hauekin lotutako alderdietan:
- Elkarte-ehunak berak duen pertzepzioa herritarrek egun dauden elkarte-egituretan duten parte-hartzeaz bezainbatean. Parte-hartze hori handitu edo gutxitu ote den azken urteotan…
- Elkarte-ehunean parte hartzeko joera handiagoa zein txikiagoa dutenen profila. Profil hori aldatu da edo eboluzionatzen ari da? Nola, noiz eta zergatik?
- Elkarteen arteko harremanak, nolakoak dira? Noren artean?
- Elkarte-ehunaren antolaketa-egitura motak. Bilakaera.
- Dirudienez, zeintzuk dira Iruñeko herritarren egungo lehentasunak?
- Existitzen al da instituzionalki egituratuta ez dagoen elkarte-ehunik? Zergatik ez da instituzionalizatzen?
- Gizartean eragin handia duten herritarren ekimenak zein neurritan dira honako hauen ondorio? asoziazionismo legala, erregistratuta ez dagoena (ez erakundetua), edo egituratuta ez dauden ekimen koiunturalak.
- Hiriko elkarte-ehunaren eta alderdi politikoen egituraren arteko ezusteko eta kausazko harremanen azterketa.
Auzoei dagokienez, parte-hartzaileak honako alderdi hauetan ere oinarrituko dira:
- Auzo-elkarteen artean dagoen harreman-mota eta egiten duten lana hiri osoan, Nafarroan zein Nafarroatik kanpo.
- Harremana hiriko beste auzo edo zonaldetako elkarte-mugimenduekin.
- Hausnarketa, aurreikusitako bost topaketetako bakoitzean parte hartuko duen elkarte-ehunaren egoeraren inguruan.
Prozesu honen zeregina da KoLaboratorioan parte hartzen duten lagunen (denak hiriko elkarte-mugimenduari hertsiki lotuak) esperientziak eta iritziak biltzea. Proiektu honetan lortutako emaitzak funtsezkoak izanen dira Iruñeko elkarte-mugimenduaren imajinario kolektiboa osatzen duten elementu gehienak identifikatu ahal izateko eta gizarte-ehuna sustatzeko plana egiteko.
NOLA EGINEN DUGU?
Bi topaketa antolatuko dira, bost udal-lokaletan hiriko hainbat tokitan. Horietako bakoitzean parte hartuko dute topaketa non burutu eta auzo horri atxikitako 5/6 elkartetako ordezkari banak.
Topaketak grabatu eta aztertuko dira. Lortutako emaitzak funtsezkoak izanen dira Iruñeko elkarte-mugimenduaren imajinario kolektiboa osatzen duten elementu gehienak identifikatu ahal izateko eta gizarte-ehuna sustatzeko plana egiteko.
KoLaboratorio honetan izena emateko inprimakia
- Bidali email bat, eman izena inprimaki hau beteta, edo deitu telefonoz izena emateko edo edozein zalantza argitzeko.
- Zentro. Kondestable Civivoxa. Kale Nagusia, 2, 2. solairua. Iruña.
- Telefonoa: 948 420266
- Helbide elektronikoa: informacion.participacion@pamplona.es
Argibide gehiago: www.KoLaboratorios.eus [EUS]
DINAMIZAZIOA LABRIT ONDAREAREN ESKUTIK
‘Iruñeko gizarte-ehunaren azterketa’ KoLaboratorioan LABRIT ONDAREA arituko da dinamizazio-lanetan. Iruñeko enpresa hau espezializatuta dago Ondare immaterialaren kudeaketa integralean eta horren aplikazioan prozesu partizipatiboetan, imajinario kolektiboaren transmisioan eta ekoizpenaren esparruan.
LABRIT ONDAREA enpresak egin du Nafarroako ondare immaterialaren bilketa, herriz herri, 2009tik. Halaber, Nafarroako Kultur Ondare Immaterialaren Inbentarioaren gida-plana (Nafarroako Gobernua) idazteko prozesuen enpresa esleipenduna da, baita horren aurreinbentarioaren aurreneko bi faseetakoa ere.
Antzeko lanak egiten dituzte beste autonomia-erkidegoendako eta Espainiako Kultur Ondarearen Institutuarendako (IPCE) –Kulturako Ministerioari atxikia–. Ondare Immaterialaren eta partaidetzaren inguruko aholkularitza-jarduera oinarritu dute tokiko imajinario kolektiboak transmititzeko prozesu partizipatiboetan, ikus-entzunezko eta idatzizko edukiak sortuz, hainbat euskarritan.
Halaber, enpresa honek egin du herritarren partaidetzarekin osatutako ikerketa-prozesua, bide eman diona BAZTAN marka sortzeari, laster Udalerri horrek publikoki aurkeztuko duena.
Twitter: @labrit_net
Dinamizatzaileak:
> Gaizka Aranguren: iruindarra; Informazio Zientzietako lizentziaduna eta diplomaduna europar integrazioan. Politika Zientzietako doktoretza-ikasketak egin zituen, eta egun tesia egiten ari da Ondarearen arloan: “Ondare Immaterialaren kudeaketa-ereduak”. ETBko albistegietako aurkezlea izan zen, CANAL4NAVARRA kateko albistegietako burua, eta Euskaldunon Egunkariaren erredakzioburua. 1998az geroztik enpresen zuzendaritzan eta kudeaketan ari da lanean.
> Adur Burguete: irunberriarra. Antropologian graduatua da eta graduondokoa historia, espazio eta ondareari buruzko goi-mailako ikasketetan. Aktiboki parte hartzen du Nafarroako ahozko memoriaren bilketan –www.navarchivo.com webgunerako–, eta hainbat aholkularitza-lan egiten ditu Ondare Immaterialaren arloan.
Kolaboratzailea: Fernando Hualde.
Izabarra; Nafarroako ondarearen arloan pertsonarik aktibo eta garrantzitsuenetako bat da. Gai horren inguruko liburu, hitzaldi eta kazetaritza-lan andana egiteaz gain, ondarearen eta kulturaren inguruko herritar- eta herri-ekimen asko bultzatu ditu. Nafarroako ondare immaterialaren agerpen kolektiboak oso ongi ezagutzen ditu, batez ere Iruñekoak, eta ospe handia du hiriko kulturaren inguruko elkarte-esparruan.
Leave A Comment