2020ko abenduaren 18a: podcast migratzailearen eguna
Iruñeko Udalak Migratzailearen Nazioarteko Eguna ospatu nahi du ostiral honetan, abenduaren 18an, migratzaileek euren historia eta bizipenak kontatzen dituzten podcastak bilduz. Herritarren laguntzari esker, zazpi audio grabazio jaso dira, Marokoko, Venezuelako, Peruko edo Maliko migratzaileen lehen pertsonako istorioekin, eta horiekin orri berezi bat sortu da Herritarren Partaidetzarako udal webgunean, kontsultatu eta ezagutu ahal izateko.
Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen definizioaren arabera, migratzailea da bere ohiko bizilekutik kanpo lekualdatzen den pertsona oro, dela herrialde baten barruan, dela nazioarteko muga baten bidez, aldi baterako edo modu iraunkorrean, eta hainbat arrazoirengatik. Udalak dei egin die migratzaile, elkarte eta talde guztiei podcast-etan parte hartzeko.
Soilik eskatu zaie audio-grabazio bat bidaltzeko, minutu bat inguruko iraupenarekin. Grabazio horretan, pertsonak bere burua aurkeztu behar zuen (izena esan nahi bazuen), esan behar zuen nongoa den, zergatik migratu zuen, duela zenbat denbora, izan dituen esperientziak, positiboak zein negatiboak, eta Iruñean nola sentitzen den ere komentatu behar zuen. Podcast bakoitza ikusarazteko eta aurpegia jartzeko, hitz egiten duen migratzailearen edo ordezkatzen duen elkarte edo kolektiboaren argazki bat bidaltzeko eskatu zen.
Podcastaren ekimen horrez gain, Iruñeko Udalak, Zentro Espacio Colaborativo zerbitzuaren bidez, migrazioei buruzko gida tematiko bat du, Nafarroako Liburutegi Publikoen Sarean mailegatzeko eskuragarri dauden liburu, saiakera eta komikiekin, bai eta eFilm Navarra plataforman eta online zenbait baliabidetan ikus daitezkeen filmen zerrendarekin ere.